Zaintza hiria vs hiri haussmanizatua

Azken asteetan, asko dira, osasun krisiaren harira, lurraldearen antolamendu, hirigintza eta arkitektura mailan hartu beharreko neurrien inguruan sortu diren eztabaidak, esaterako, izurriteen aurrean, hiri trinkoaren eta hiri eredu sakabanatuagoen arteko alderaketa, konfinamendu egoeran jasandako esperientzia ikusita etxebizitzen bizigarritasun baldintzena, edo kontrol soziala ala big dataren bidez, smart hiriek ezarri beharreko segurtasun neurriena.

Horiek guztiak eztabaidarako nahikoa mami baduten arren, uste dut, lehenik eta behin, alor horiek lantzen hasi aurretik, atzera begiratu, nondik gatozen aztertu eta zimenduak finkatzea dagokigula.

Argi dago, krisiek historikoki aldaketak eragin dituztela gure hirien antolamenduan.

XIX. mendearen lehen erdian, hainbat izurrite izan ziren: bai mende hasierako espainiar gripea, bai aurrerago Asiatik Europara iritsi zen kolera eta abar. Garai hartan, erdi arotik zentozen hiri harresituak, populazio handitzearen eraginez, izurri foku garrantzitsu bihurtu ziren eta, ondorioz, hormak eraitsi eta hiri zabalkunde estrategiak jarri ziren martxan mugimendu higienista deritzonaren baitan.

Horrela sortu ziren hiri zabalgune edo “ensantxeak” gaur egun ezagutzen ditugun moduan. Adibidez, Donostian, Antonio Cortazarrena, Bartzelonan, Cerdarena edo Parisen, Haussmanena. Baina akats larria litzateke sinestea estrategia berri hark osasun arazo haiei erantzun zienik soilik. Garai hartan, Europa iraultza industrialean murgilduta zegoen eta hiriak kapital metaketa gune ere bilakatu ziren. Hartara, biztanleriaren sektore zaurgarrienak erdi aroko hirietan ahaztuak geratu ziren, maila ekonomiko erdi edo altuko biztanleak hormaz kanpora lekualdatu ziren bitartean.

Kapital metaketa prozesu hark kalte gehiago ere eragin zituen. Elkar zaintza eta bizitza komunitario indartzen zuten gertutasun kale ereduak, handinahia lehenesten zuten kale zabalek ordezkatu zituzten, eta hainbatetan kale berri haiek eraikitzeko hiri-bizi handiko auzo herrikoiak suntsitu ziren, Parisen, Haussmanizazioa kasu.
Hiri planifikazio modernoaren sorrera zen. Ordu arte, erabilera nahasketan oinarrituriko hiri eredua ere, ordezkatua izan zen, Joseph Stüben alemaniarrak lehen aldiz izen eman zion Zoning edo zonakatzeaz. Horrela, bizitegi erabilerak, erabilera industrialak eta abar zona ezberdinetan segregatuz, eta eremu pribatu eta publikoaren arteko arrakala handituz.

Aurrerago, XX mendeko 60 eta 70ko hamarkadetan, hiriek biztanleria hazkunde handia jasan zuten, nekazal eremu txiroetatik zonalde industrializatuetara eman zen migrazioari esker. Fenomeno horri erantzunez, epe motzean, hirigintza garapen erraldoiak gauzatu ziren higiezinen merkatuaren presioa jasanezina izan zen arte. Egoera hark krisi ekonomiko sakona ekarri zuen eta, ondoren, milaka pertsona hil zituen izurritea. Kasu hartan, izurritea ez zuen Asiatik etorritako gaitzak sortu, zaldiak eta ihesak baizik.
Krisi haren atzetik, piztu zen, egun, oso ezaguna dugun neoliberalismo modernoa, Tatcher eta Reagan bezalakoen eskutik, eta beste hainbat alorretan bezala, hirigintzak aldaketa handia jasan zuen. Pixkanaka, sistema hiriaren ustiaketan aditu bilakatu zen, espazio publikoa merkantilizatuz, lurzoruarekin espekulatuz, eta hiriak turistifikatuz edo gentrifikatuz.

2008ak berriz, inoiz baino argiago erakutsi zigun hirigintza garapen neurrigabeen eta krisien arteko lotura, eta, kasu hartan, osasun izurriterik egon ez bazen ere, etxe-gabetzeak eta pobrezi mailaren igoera ikaragarria izurritetzat ere jo liteke. Ondorioz, beste behin ere, gizarteko geruza zaurgarrienak jasan zuten golperik latzena.

Egoera hartan, Troikaren eskutik, tekniko neoliberalen arrazoiketa eztabaidaezinei jarraituz, austeritate estrategiak jarri ziren martxan Europa osoan. Lurralde antolamendu eta hirigintza mailan, kapitala erakartzeko makro proiektuetan inbertitu zen (bai garraio azpiegituretan, bai turismoan…), aitzitik, ekipamendu eta zerbitzu publikoen zentralizazioa, pribatizazioa eta murrizketa izan ziren gastu publikoan aurrezteko tresna.

Beraz, horrelako mundu mailako pandemia batek etorkizunean izan ditzakeen ondorioak jakitea zaila bada ere, historian dagoeneko baditugu nahikoa aurrekari adierazten digutenak Naomi Kleinen Shock Doctrina, hirigintza mailan ere, erabat aplikagarria dela. Hartara, bere genetikan hala dakarrelako, sistema kapitalistak krisi egoera hauiek etekinak lortzeko aprobetxatzen ditu, eta azken hamarkadetan, hiria gustuko jokalekua du.

Etorkizunari begira, berriz, azken boladan, bai aditu, bai gizarte eragile, bai gobernu erakundeei, askotan entzun diegu bidegurutze honetatik zerbitzu publikoak, ingurumena edo gizarte-zaintza indartuak aterako direla. Baina esperientziak zuhurtzia gomendatzen digu. Historian zehar, eremu publikoa indartu bada, gizartearen borrokaren fruitu izan da, eta, une garratz honetan, agerikoa da gobernu gehienek harturiko neurri asko eta asko kapitalaren mesedetan eta osasun orokorraren kaltetan izan direla.

Gurean, lurralde antolamendu eta hirigintza mailan, martxoaren 24an, itxialdian sartuta ginela, Eusko Jaurlaritzak hirigintza antolamendurako tresnak arautzeko dekretu berria onartu zuen. Dekretu horrek, zeharka bada ere, hirigintza antolamendurako plangintzen idazketa prozesuko herritarren parte-hartzea eta genero ikuspegiaren txertaketa aipatzen ditu. Baina, beste behin ere aukera horren aurrean, harago joan ordez, ez da alor horietan aurrera pausorik eman.

Ziurrenik pandemiaren aurretik landutako testua dela jakin arren, bi alor horien lanketa ekiditeak, historian zehar behin eta berriz errepikatu den eskema kapitalista berari erantzuten diola ondoriozta genezake.

Herritarren parte-hartzea ezinbesteko oinarria da. Ikuspuntu androzentrikoetatik urrun, egunero kalea zapaltzen duten emakume, haur, nagusi eta bazterketa soziala sufritzen duten pertsona guztiak dira hiriaren egoera eta beharrak ondoen ezagutzen dituztenak. Zaintzaileak, zainduak eta zapalduak. Beraiek dira, hurrengo hilabeteetan, egoera berri honen diagnostiko egokiena egiteko gaitasuna izango dutenak. Beraiek dira zaintza-hiriaren protagonista nagusiak. Horregatik, hirigintzak ezin du bizitzaren sinplifikaziora jotzeko joera dugun tekniko planifikatzaileon ikuspuntura mugatu. Eta noski, gobernuek ezin dute egoera teknokratiko interesatu hau betikotu.

Era berean, hiri plangintzek generoan duten eraginaren ebaluazio eta ikuspegi horren txertaketa ezinbestekoa da, bai. Baina harago joan beharra dago, hirigintza feminista batek soilik erdietsi bailezake egungo hirigintza eredutik hiri-bizitza, bizitza komunitario, hiri-aniztasuna eta pertsona guztientzako hiri-eskubidea bermatuko duen zaintza-hirira egin beharreko trantsizio.

Beraz, COVID 19-a bezalako fenomenoi aurre egiteko, eztabaida genezake, eta jakina eztabaidatuko dugula, etxebizitzen tamaina, balkoi edo hiri eredu konpaktu eta sakabanatuen inguruan. Amestu genezake etorkizun distopikoekin edo smart hiri hiperteknologizatuen hurrengo belaunaldiekin edo mugimendu higienista berri batekin.

Baina, finean, ezin dugu ahaztu bidegurutze baten aurrean gaudela eta gure bidea aukeratu beharko dugula:

Edo historiak erakutsi digun moduan, sistema kapitalistari onura gehien dakarkion hiriaren ustiapenaren hurrengo eboluzioari itxaron edo hiri-eskubidea ozen aldarrikatu eta zaintza-hiriaren aldeko indarrak biderkatu pertsonak erdigunean jarriz interes ekonomiko ororen gainetik.

Haritz Iparragirrek idatzitako artikulua