Emisioak eten ditugu barne-hausnarketa bat egin ahal izateko

PALMONDO IRRATIAREN MEZUA

Dakizuen bezela, konfinamenduan sortu zen Palmondo Irratia. Denok etxean isolatuta eduki nahi izan gaituzten momentu historiko honetan sortu zen, herrian berriki hasia zen Zaintza Sarearen baitan. Janariaren banaketatik harago, elkar komunikatzea, eta ideiak, kezkak, proposamenak, jakintzak… edo, besterik gabe, denbora elkarbanatzea ere oinarrizko beharrizan bezala ulertzen dugulako. Horrela sortu zen, ahal zen bezala, norbera bere etxetik eta etxean genituen gauzekin hasita, genekiena elkar erakutsita eta elkarrekin ikasita, eta egin du jada ia hiru hilabeteko ibilbidea. 19 programa egin dira eta gurean izan ditugu herriko talde ezberdinei egindako elkarrizketak, herriko presoen berriak eta hitzak, gomendioak, gai ezberdinei buruzko zutabeak, ipuinak, erronkak, umorezko atalak, ingurumenari buruzkoak, osasunaren autogestioari buruzkoak… Irratitik eragindakoak batzuk eta, beste asko, hainbat eta hainbat herritarrek bidalitakoak.

Baina aldatzen hasia da egoera; alarma egoerak jarraitzen duen arren, eta konfinamenduaren ondorioak ere azaleratzen ari diren arren, kaleak jendez beteak ikusten dira jada eta hiru hilabetez geldirik egon direnak berpizten hasiak dira. Eta horrekin batera, iristen zaizkigun edukiak, proposamenak, feedbacka, eta gure denbora bera ere ez da orain arte adinakoa. Eta beraz, Palmondo Irratiak ere egoera berrira egokitu behar du.

Esan bezala, irratiaren sorrera konfinamenduak eragindako behar konkretu batzuei erantzunez hasi zen eta uste dugu bete duela bere funtzioa. Baina horretaz gain beste behar zabalago eta sakonago baten baitan ere kokatzen dugu irratia herrian, ikusten baitugu herriak bere komunikabide propioak eta libreak behar dituela, behar eta nahi dena modu aske batean zabaldu ahal izateko; bitartekaririk edota interes ekonomiko edo muga politiko jakinik gabeko komunikabideak behar ditugula, herritik herrira zuzenean komunikatu ahal izateko. Eta horregatik eman nahiko genioke jarraipena Palmondo Irratiari.
Baina arestian aipatu bezala, egoera berrira egokitu behar du eta horretarako, hausnarketa bat eman beharra daukagu. Alde batetik, komunitatearentzat tresna erabilgarria izan dadin zein formatu eman diezaiokegun hausnartzeko, modu sostengarri eta efektibo batean betiere. Eta bestetik, herriarentzako baliabidea izan nahi duen heinean, herri mugimenduari eztabaida nola luzatu pentsatzeko ere bai.

Oraingoz, emisioak egiteari utziko diogu hausnarketari eskeini beharreko denbora eskeintzeko. Izango duzue gure berri.

Mila esker orain arte irratiari ahotsa emanez ala entzule modura parte hartu duzuen guztioi, zuek gabe ez litzateke izan dena izango.

Laster arte
…tente belarriak, martxan dago ta zure irratia, Palmondo irratia!